Cerrar
Enr�date
Unicef
HizkuntzaEuskaraHizkuntza aukeratu
Bilatu

Eskubide guztiak haur guztientzat!

Esp, Cat, Gal
foto

1989ko Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena giza eskubideen ituna da eta ia munduko herrialde guztiek bera defendatzeko konpromisoa hartu dute.

Indarrean sartu zenetik, milioika haurrek beraien bizitzak nola aldatzen diren ikusi ahal izan dute: osasun, hezkuntza, babes eta parte hartzeko zerbitzuak eskuragarri izan dituzte.

Hau guztia, munduko pertsona askoren ahalegin eta lanaren emaitza da, haurrentzat mundu egokia lortzeko asmoz.

Balorazioa:  (172 Botoak, batezbestekoa 4 5)

Egun bat eskubiderik gabe

Munduko haur eta nerabe asko dago beren eskubideak betetzeko zain. Baliteke kasu askotan uste baino gertuago egotea. Zure ustez, zeintzuk dira zure inguruan gutxien betetzen diren eskubideak? (Argazkia: © UNICEF/NYHQ2008-1308/Asselin)

Nolakoa izango litzateke egun bat haurren eskubiderik gabe? Honelakoa izan zitekeen eskubiderik gabeko egun bat: ez zenuke gosalduko, ez zinateke eskolara joango, ez zenuke hitzordurik edukiko dentistarenean, eguna kalean igaroko zenuke eta zure gurasoek ez lizukete ordu bat jarriko ohera joateko. Egun zoragarria? Beno… baina galderak tranpa du: gakoa da haurren eskubideak ez dagozkiola pertsona bakar bati, adingabe guztiei baizik. Horrenbestez, jarraian aipatzen denarekin antz handiagoa izango luke egoerak:

     -Inork ez luke gosalduko (ez bazkalduko, ez afalduko). 

-Inor ez litzateke eskolara joango eta inork ez luke hezkuntzarik jasoko.

-Inor ez litzateke sendagilearenera joango, nahiz eta oso larri egon.

-Inork ez luke etxerik edukiko eta neska, mutil eta nerabe guztiak kalean biziko lirateke eta beren bizimodua ateratzen ikasi beharko lukete.

-Helduak ez lirateke arduratuko haur eta nerabeentzako onena lortzeaz eta ez lirateke ahaleginduko gehien komeni zaiena zer den erakusten. Eta ez lituzkete beren iritziak entzungo ere.

Horrelako egoera bat zoragarria dela uste al duzu oraindik? Gainera, eskubideak betetzen ez direnean, ez da egun bakar batean soilik izaten. Beren eskubideak nola urratzen diren ikusten duten haurrek, ez dute itxaropenik edukitzen hurrengo egunean gauzak aldatuko direla pentsatzeko. Sarriegitan iristen dira haurrak helduarora beren eskubideez gozatzeko aukera eduki gabe. Batzuetan, ez dira heldu izatera iritsi ere egiten, izan ere, nutrizioa, osasuna, hezkuntza edo babesa gisako eskubideen urratze sistematikoaren ondorioz, heriotza eragin diezaiekeen arriskuei aurre egiteko aukerarik gabe geratzen dira.


Eskubideak, printzipio gisa

Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak aitortzen duenez, adingabe guztiek babes berezia eduki behar dute eta ezin dira helduak bailiran tratatu.(Argazkia: Cc ISFTIC)

Haurren eskubideek funtsezko lau printzipio dituzte oinarrian:

--Diskriminaziorik eza: haur guztiek eskubide berak dituzte, alegia, neska guztiek, mutil guztiek, kasu guztietan, une guztietan eta salbuespenik gabe, eskubide berak dituzte. Berdin dio haurraren arrazak, erlijioak, jatorriak edo gurasoen ideiek. Haurrek ez dute tratu bidegaberik jaso behar, inoiz ere ez.

-Haurraren interes gorena: haurrak eragin ditzakeen edozein erabakik, legek edo politikak kontuan hartu behar du, beti, neska eta mutilentzako onena lortu behar dela. Helduek erabakiak hartzen dituztenean, kontuan hartu behar dituzte erabaki horiek haurrengan izan ditzaketen ondorioak.

-Bizitzeko, bizirauteko eta garapenerako eskubidea: haur guztiek dute eskubidea bizitzeko, garatzeko eta bizitzan bakoitzak duen gaitasun maximoa lortzeko. Horrela, eskubidea dute elikadura eta ostatu egokia lortzeko, edateko ura, hezkuntza eta osasun-arreta jasotzeko, jolasteko eta atseden hartzeko, kultur jardueretan parte hartzeko eta beren eskubideei buruzko informazioa jasotzeko.

-Parte-hartzea: adingabeek eskubidea dute beren bizitzan eragina eduki dezaketen egoerei buruz galdetuak izateko eta ematen dituzten iritziak aintzakotzat hartzeko. Horrek ez du esan nahi haurrek gurasoei aginduak emateko eskubidea dutenik, ez eta zer egin behar duten agintzeko eskubidea dutenik ere. Adinak gora egin ahala, parte-hartzea areagotu behar da eta horrela jokatzeak garrantzi handia du haurrak eta gazteak heldu izatera iritsi daitezen.

Zinez eskubideak desagertu al daitezke?

Eskubideak ez ditugu bilatu behar, berezkoak baititugu. Baina, eskubide horiek beteko eta errespetatuko direla lortzeko modua bilatu behar da. (Argazkia: CC: Flicrk/Clover_1)

Egiazki, ikusi dugun adibideak okerreko ideia bat du abiapuntutzat: haurren eskubideak ezin dira “desagertu”, ukatu ezinezkoak baitira; pertsona orok berezkoak dituen giza eskubideak dira eta haur orok berezkoak ditu jaiotzean, adin-nagusitasunera iritsi arte. Baina, orain arte deskribatutako egoera guztiak, errealitatean gerta daitezkeen egoerak dira (hain zuzen, egunero gertatzen dira).

Adingabe guztiek eskubideak edukitzeak ez du esan nahi eskubide horiek errespetatzen eta betetzen direnik:

-Mundu osoan milioika haurren bizitza mehatxupean dago nutrizio txarraren, edateko uraren faltaren edo gehiegikerien ondorioz.

-Haur gehiegi behartzen dituzte bere osasunerako eta garapenerako arriskutsuak diren baldintzetan lan egitera.

-Askok ez du hezkuntza jasotzeko eskubiderik, edo jolasteko edo atseden hartzeko eskubiderik.

-Haur askoren iritziak ez dira kontuan hartzen eta ez dute aukerarik izaten irizpide propio bat osatzeko beharrezkoa duten informazioa eskuratzeko.

-Haur asko esplotatzen dira eta ez dute zainduko dituen eta arriskuetatik babestuko dituen inguru babeslerik (familia, erkidegoa edo erakundeak).

-… Eta askoz ere gauza gehiago, gehiegi.


Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena

1989an sortu zen Hitzarmena, haur guztiek eskubide besterenezinak, unibertsalak eta zatiezinak dituztela aldarrikatzeko, bai eta gobernuek eskubide horiek ziurtatzeko beharrezkoak diren politikak garatzeko betebeharra dutela eta eskubideak betetzen direla gainbegiratzeko betebeharra dutela aldarrikatzeko ere. Eskubide horiek Haurren Eskubideak dira, eta betidanik egon direla ikusi badugu ere, Hitzarmenari esker, estreinakoz aitortu ziren eta munduak eskubide horiek betetzeko konpromisoa hartu zuen.

Hitzarmena berretsi duten herrialdeek jarri behar dituzte haurren eskubideak betetzen direla ziurtatzeko bitartekoak (legeak landuz, adingabeak babesteko erakundeak sortuz edo haurren politikak sustatuz, adibidez). Haurren Eskubideen aldeko Batzordearen lana da, bestalde, herrialdeek hartu dituzten konpromisoak betetzen dituztela zaintzea eta legeak eta politikak aldatzeko gomendioak egitea.  

Zoritxarrez, Hitzarmena egotea ez da nahikoa eskubideak betetzen direla ziurtatzeko: gobernuek ez badute benetako konpromisoa hartzen, haur asko gera daitezke babesik gabe gehiegikerien aurrean, edo helduen axolagabekeriaren edo interesik ezaren aurrean. Horrez gain, pertsona guztiek (helduek eta gazteek) haurren eskubideen esanahia eta eragina ezagutu behar dute, eskubide horiek behar den bezala defendatu ahal izateko. Horregatik da hain garrantzitsua eskubideak ezagutzea eta ezagutzera ematea. Hori lortzeko modurik bururatzen al zaizu?


Balorazioa:  (172 Botoak, batezbestekoa 4 5)

0 iruzkinak

Beste erabiltzaile batzuen iruzkinak irakurri, edota Zure iruzkina utz ezazu
Iruzkina utzi
Eskuragarritasuna W3C AA Maila     Creative Commons  Creative Commons(by)
Enrdate 2000 - 2014 UNICEF Espainia