
1go irudia: Horma-irudi honetan, langileen elkartasunezko mugimenduek bere egin zuten kontsigna irakur daiteke: "Bati eragindako kaltea guztiontzako kaltea da". Elkartasunaren baldintzetariko bat, besteen larrupean jartzea da eta besteek pairatzen dituzten bidegabekeriak norberarenak bailiran ulertzea. Baldintza honekin ados al zaude? Konprometitu gabe solidarioa izan daitekeela uste duzu?
Nazio Batuen Batzar Nagusiak, bere 2005eko abenduko 20an onarturiko 60/209 erabakian, urtero abenduaren 20an Giza Elkartasunaren Nazioarteko Eguna izango zela aldarrikatu zuen, herrien arteko harremanak funtsezkoak eta unibertsalak diren balioetan oinarritu beharko liratekeen balioetariko bat elkartasuna dela kontuan izanik.
Nazio Batuek azpimarratzen dutenez, elkartasuna nazioarteko lankidetzaren funtsezko euskarri bat da. Globalizazioak eta elkarmenpekotasunaren gehitzeak lankidetzan aritzeko dugun modua aldatzeko beharra dakar. Mundu globalizatu batean, garapen ekonomiko eta sozial handiagoa eta bizkorragoa lortzeko aukerak sortu daitezke baina beharrezkoa da globalizazioaren onurak bidezkoak izan daitezela eta elkartasunaren printzipioari jarraiki lortu daitezela.
Nazioarteko mailan gehien ezagutzen diren elkartasunaren arloak laguntza, garapenerako laguntza eta lankidetza dira. Zer desberdintasun daude hiru kontzeptu hauen artean?
|
"Pertsona bati arraina oparitu eta egun baterako janaria emango diozu. Arrantzan irakasten badiozu, bizitza osorako elikatuko duzu" ... Txinatar esaera zaharra |
| Ba al zenekien? |
|---|
|
2. irudia "Elkartasun" hitza latineko "solidus" (sendoa) hitzetik dator, baina gaur duen esanahiarekin ez zen XVII. mende bukaera arte Frantzian erabili. XVII. mendean karitate kristau hitza ordezkatuz erabiltzen hasi zen. XIX. eta XX. mendeetan bere erabilpena hedatu egin zen eta gaur duen esanahia lortu arteko bilakaera izan zuen, bere balio etikoa azpimarratuz. |
Nazioarteko elkartasunaren beste arlo garrantzitsu bat ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa da. Urtero hondamendiak gertatzen dira, bai naturalak bai gatazka armatuek sorturikoak. Larrialdiek milioika pertsonangan elkartasunezko sentimendua sortzen dute eta, beraien aukeren arabera larrialdiko laguntza lanak, birgaitze eta berreraikitze lanak finantzatzen dituzte. Ekintza humanitarioa ondoko printzipioetan oinarritzen da: gizatasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna eta unibertsaltasuna.
“Mundu mailako komunitatearentzat, laguntza giza elkartasuna adierazteko eta aukerak handitzeko tresna bat da. Ekintzara pasatzeko arrazoiak giza eskubideetan, balio erlijiosoetan edota sistema etiko zabalagoetan oinarritzen diren kontuan hartu gabe, laguntzak pobrezia orokortua, gosea eta saihestu daitezkeen haurren heriotzak ezabatzeko betetzen duen funtzioa agindu morala da. (Informe sobre Desarrollo Humano, 2005).
Gure elkartasuna adierazteko ez da beharrezkoa lurrikara baten ondoren hondakinak kentzen zuzenean parte hartzea. Egunero agertzen zaizkigu gure inguruan dauden pertsonekiko elkartasuna adierazteko aukerak. Lehen pausoa, bestearen larrupean jartzea da eta bere arazoak bere ikuspegitik ulertzen saiatzea da. Hortik hobeto lagundu ahal izango diogu, gure beharra duen heinean.
Irudienak:
Egun ona izan!